2012-05-16

ARMAIRUA



          Lagun batek kontatu zidan behin. Gauean begiak itxi eta iluntasunarekin topo egiteak beldurra ematen ziola eta armairuan sartu zela begiak zabalik iluntasuna nolakoa zen ikusteko. Handia esan zidan, iluntasuna oso handia da Irati, handia eta leuna. Ia-ia ez da begietan kabitzen eta irrist egiten du. Armairuan lo egiten ikasi zuen lagunak; begiak zabalik egiten du lo ordutik. Ikustekoak dira haren begizuloak. Armairu baten barnean begiak zabalik lo egiten dutenen begizuloak ezberdinak dira. Begizuloen zuloa ikusi egiten zaie armairu barruan lo egiten dutenei.

            Atzo armairuan sartu nintzen (ze demontre! Zer ginateke jakin-minik gabe!); eta egia da, begiak itxita edo begiak zabalik ikusten dugun iluntasuna oso ezberdina da. Ordularirik gabe sartu nintzen eta bost minutu zenbatu nituenean, atera egin nintzen. Hogei minutu pasatu nituen armairuaren barruan. Denbora ere handia eta leuna da, beraz, armairu barruetan. Denbora ere ez da eskuetan kabitzen eta irrist egiten du.

            Behin armairutik atera eta burutapen hauei tiraka ari nintzela, armairu barruan irrist egiten duen iluntasuna eta armairu barruan irrist egiten duen denbora non pilatzen diren hasi nintzen ikertzen. Imajina dezakezue gertatu zitzaidana, armairua hankaz gora jarri eta gau osoa pasa dut iluntasuna eta denbora zaku eta poltsa zaharretan sartzen. Urtetan eta urtetan pilatutako arropa ateratzen aritu naizela, alegia. Motz eta estu gelditutako galtzak, zilborrera ere iristen ez zaizkidan kamisetak, halako egun batean tarrakataka ipurtaldea zulatu nion gona, umetan mozorrotzeko erabilitako pailazo prakak eta txiki gelditutako kuleroak (titiak ez bezala, nola hazten den ipurdia!) eta besamotz bihurtutako jertseak eta gerrian behera sartzen ez zaizkidan soinekoak...

            Orain artean zergatik gorde ditudan… auskalo! Irristan eroritako iluntasuna eta denbora majo pilatu dute behintzat! Iraganak ere biluzik ibiltzeko lotsa izaten du, nonbait!

            Gaur gauean berriro sartuko naiz armairuan, iluntasuna desagertzeko zenbat iluntasun hustu behar den jakin nahi dut. Orain, ordea, nahiko lan badut aurpegiera txukuntzen, goizak begizuloekin harrapatu bainau, begietako zuloekin. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario