Ikasle batek galdetu zidan atzo:
Irati, nora joaten gara lo hartzen dugunean? Eta nik neure buruari: to, Irati, helduion hordagoari. Hogeita
hamaika eskutik berak, ordea, beti ez bada ere, gehienetan bezala, hogeita
hamaika eskutik galdera egiten duenak. Eta hor hasten dira komeriak: eskuak
izerditan, masailak gorri, belaunak ia erorian… eta eutsi egin behar. Irati, hori ez dun fundamentua, hi haiz
irakaslea. Estrategiarik onena galderari galderarekin erantzutea: eta zuk
zer uste duzu eh, nora joaten gara lo hartzen dugunean? Eta atzetik etor
daitezkeenak; Bat: ikasleak irakaslea haizea hartzera bidaltzea. Bi: ni
ilargira joaten naiz, edo halako zorakeriaren bat erantzutea hark, eta Hiru: ez
dio inporta, ahaztu lehor bat botatzea; hori ere hark, hau da ikasleak.
Korapiloak,
ordea, askatu daitezkeen arren, tarteka korapilatu ere egiten dira. Pixka bat
gehiago. To bigarren kolpea, ikaslearena: Eta, Irati, joan ondoren nola jakiten
dugu nora itzuli? Ez dakit musean bi hordago jarraian bota ote daitezkeen. Bi
aldiz eusterik dagoen ere ez dakit. Bihar hitz egingo dugu lasaiago antzu
batekin erantzun nion, sorbalda gainean pare bat kolpetxo emanda. Kontua da,
bihar hori gaur dela eta gau osoa esna pasa dudala, loak norabait eramango
banindu, gero nora (eta) itzuli asmatuko ote nukeen neure buruari galdetuz.
Eta esna pasatako gau bat da batez ere luzea.
Oso luzea. Ohean esna pasatako zortzi ordu izan daitezke zortzi ordu eta
hogeita hamalau minutu edo hamabi ordu eta berrogeita hemeretzi minutu. Ohean
esna pasatako zortzi ordu dira eternitate bat. Lo egiten dugunean, nora joaten
garen ez dut asmatu, itzulerako bidea nola asmatzen dugun ere ez, baina,
ondorio garbi bat atera dut. Ikasle eta irakasleok modu berean kezkatzen
gaituzten bizitzaren alderdi asko badirela. Eta kezka eta hausnarketa eta
galdera horiek kanporatzen ditugunean, ikasleak ikasle eta irakasleak irakasle
izateari uzten diola. Hau da, ia beti. Tarteka bada ere, irakasleok ikasleen
ikasle izaten ikasi beharko genukeela, alegia.
Gaur
berriro emango dizkiot pare bat kolpetxo ikasleari sorbalda gainean. Eta
begietara begiratuko diot. Uler dezan erantzuna nigan ez baina, bion arteko
zubian dagoela. Ez ote gaitu errekak
irristan eramango.
Irati, eta... lokartzearen kontu horrekin gaudenez, nora joaten dira problemak matematika irakaslea lokartzen denean? (ez dakit irakasleak nire galderak aguantatuko lituzkeen egunero)
ResponderEliminarDatorren astean, selektibitatea amaituta eta oporretarako prest nagoenean, oparituko didazu prolema bat? (nik zuri ordainetan ipuina)
Muxuak lo geratzen direnean nora doaz? Goierrira? ;-D
Problemek esna daudela problemak sortzen dituztelako hartzen dute lo. Matematika irakasleak esna dauden problemak problema bihurtuko diren beldurrez hartzen du lo. Ametsetan ari omen da oraindik...
EliminarEta problemarik ezean ez didazu ipuinik oparituko? Eta ipuinik ezean, problemarik ez balego?
Muxuak ez dira sekula lokartzen; lo bizi dira!!!!!
Zorte on (bai, badakit zorterik ez dela existitzen; badakit edo... sinestarazi didate...) bihartik aurrera!