2011-09-19

Lotarako trizikloak



HITZA: TRIZIKLO

Birekin ezin denean, hirurekin ibili behar! Baina, kletarekin ezin denean, ziklorekin zergatik ibili behar dugun... filologoren baten azalpenak akaso txirrindu gainean jarriko gintuzke.

Kontua da tetra-rekin moldatu ginenok... ez dakigula oso ongi zikloetan edo zikletetan ibili ginen...
Lautik bira egin nuen nik salto eta salto egiten duenak... arriskua eskura (edo ipurdira). 3 handi bat tatuatua gelditu zitzaidan ipurdian txirrinduan ibiltzen ikasi nuen garaian.




AFORISMOA: "Lo-kantak abesten zizkion amak... umea kantarekin gelditzen zen, ama loarekin."


Bazen behin ametsei abestiak idazten zizkien (bizilagun bat?). Gauetan seme jaio berriaren ondoan eseri eta ametsak ezkutatzen zizkion sehaskako izarapean, semeari oparitzen zion amets bakoitza bere buruari lapurtzen ziola konturatu gabe.


Semea gizon ttiki egin da aspaldian eta esna ibiltzen da gau eta egun; ama amonduak (bizilagunak?), berriz, lo igarotzen du eguna (eta gaua). Esna bizirauteko ametsen berririk ez zuen nonbait (bizilagunak?).



HAIKUA:


"Bizitza ito
heriotza arnastu
ahal izateko"






2011-09-15

LUBO



Mahaigainean nituen bi egunkarietako bat utziko al nion galdetu zidan. Horrelaxe hasi zen elkarrizketa. Me dejarás uno de los periódicos? Eta nik baietz, euskaraz idatzia zegoena nik hartuko nuela eta lasai hartzeko bestea.

Bi neska-mutil gazte (bi gizon-emakume?) egongela berean elkar ezagutzen ez dutelako bazkalordua egunkariaren konpainian arintzen. Eta galdera bat nahikoa egunkari beharrik gabe bazkalordu interesgarri bat korapilatzeko.

Ea irakaslea al nintzen, eta nik baietz, bera institutuko garbitzaileen arduraduna zela. Beasaindarra naizela kontatu nion eta astea Txantrean (Iruñean) igarotzen dudala; bera Noainen bizi zela jakin nuen, pero soy de Bulgaria. Eta zast! jakin-mina zirikatu zidan... Hamar urte daramatzala hemen esan zidan eta Beasain eta Olaberri eta Goierriko bazterrak ezagutzen dituela. Greziako mugatik gertu dagoen herri txiki batekoa dela izatez eta bere herriak Leitzaren antza handia duela, mendi aldea, erreka... Ilusioa sumatu nion begietan, bi urte omen daramatza Bulgariara joan gabe. Pero voy mucho a Leitza... zer den herri-mina...




Gazteleraz oso ongi egiten duela esan nion eta berak baietz esan zidan irribarretsu, kalean ikasi duela dakien guztia (eta asko da dakien guztia), entzunez eta eginez. Ea zenbat neurtzen dudan galdetu zidan (ezustean harrapatu ninduen galderak... eserita nengoen... bazkaltzen...) eta nik 1, 80 inguru erantzun nionean, berak ezetz, gehiago behar nuela, berak 1,92 neurtzen duela eta hainbesterainoko alderik ez dagoela bion artean. Irudika dezakezue... elkarren sorbaldak parekatuz bukatu genuen bazkalordua.

Ze izen zuen galdetu nion (kuriositatea...) eta berak Lubo zela izenaren laburdura, y eta h gehitxo zituela tartean izenak bere osotasunean gogoan hartzeko. Y tú? Irati. Bonito nombre. Zurea ere bai, erantzun nion pozik.

Horrelaxe bukatu zen elkarrizketa. Orain lagun berri bat daukat institutuan. Bulgariarra da eta Lubo du izena. Hemendik aurrera bazkalorduak arintzen lagunduko diogu elkarri.

Atzoko egunkaria? Gaur irakurri dut.


2011-09-14

ITAKA (Nordia Pérez Altamirano_2011-9-3)


Begi ttiki ia ikusezinen irribarrea...







"Ilun dago, oso ilun. Begi txiki ia ikusezinek argi ñimiño bat egiten dute amaren barrunbeetako paretetan. Ilun dago, oso ilun. Neskatila bero dago, iluntasuna tapaki gozoegia da, izarape jolasti bat. Inork ez dio agindu jaio behar duenik, inork ez dio esan ilunpe horretan zer egin behar duen ere. Ilun dago, oso ilun. Pentsatzeko ilunegi eta sentitzen hasteko ere ilun ziur aski.

Bat-bateko zerbait izan da izenarena. Bat-batean bururatu zaio izenarena. Ilunaz bestaldean zer egon daitekeen irudikatzen hasi denean. Begi ttikietako argi ñimiñoari tira egin eta amaren barrunbeetako paretetan idatzi du: Irene.

Jaio aurretiko izana sinatzen ari dela dirudi. Jaio ondorengo izana izenak ziurtatuko diola sinetsita. "


Irailaren hiruan irratian izan zen Nordia. Nikaraguarra da Nordia, sei bat urte daramatza Ordizian bizitzen. Gaur arratsaldeko zazpietan Ordiziako Barrena Jauregian aurkeztuko du Irene bere lehen eleberria. Eleberriaz, zorionaz, musikaz, itsasoaz, hangoaz eta hemengoaz... hitz egiteko aukera izan genuen irribarrez marraztu genuen irratsaioan. Esperientzia zoragarria izan zen Nordiarekin partekatu nuena... irratsaioa entzunez, bizi izan nuenaren puska bat jasotzeko modua egiten baduzue... ez da gutxi zuenganatuko duzuena...

Irratsaiorako lotura: http://www.divshare.com/download/15718179-41d

Josu Zabala mendizale bilbotarrarekin ere kontu-kontari mendi-bertso-jolasaz solasean ere aritu ginen... udako azken aldapen atsedena hitzei lotu asmoz...


2011-09-13

LURPEKOAK


HITZA: IXIPU


Ixipu batekin mundua margotu daiteke. Ixipu batekin margotutako munduek begiak esna egiten dute lo. Begiak esna dituztela lo egiten duten munduetan umeak eskuetan ixipuak dituztela ibiltzen dira jolasean.

Umeen hiztegi unibertsalean ez da araurik existitzen. Umeen hiztegi unibertsalak garuneko txokorik koloretsuenean egonean bizirauten du. Bila eta bila nabil, eta ez dut ixipu (isipu?... baina, umeak beti egiten du x eta x) hitza topatzen. Akaso gurea ez da ixipuekin margotutako mundua izango, akaso gure munduak oraindik ez du begiak esna lo egiten ikasi, akaso aspaldi utzi nion ume izateari...







AFORISMOA: "Lur azpian baino hobe lurra azpian."

Bazen behin lurpeko zuloen bilduma egiten zuen (bizilagun bat?). Lurrari hazka egin, hutsuneak poltsikoan gorde eta etxeratzen zenean, lorontzietan landatzen zituen bildutako zuloak.

Landatutako zuloek kimu berriak eman bitartean herioren beldur izaten zen (bizilaguna?). Lurrari kendutako zuloekin zulo berriak lurtzen zituen sentipena izaten zuen. Horixe zen (bizilagunak?) bizitzari husten zion zentzua.



HAIKUA:

"... eta haizea
horma zurrunen kontra
itsu-itsuan..."


2011-09-12

Hamaikan Hamaikaz Hamabiarekin



Gorrotoa sutzen denean,

sua ketzen denean,
keak ihes egiten du...

Ihesbidea isiltzen denean,
isiltasuna zauritzen denean,
zauriak garrasi egiten du...

Garrasia mintzen denean,
mina hausten denean,
hausturak zuloa egiten du...

Zuloa belzten denean,
beltza lainotzen denean,
orduan... orduan... orduan...





...orduan... orduan... orduan...
zergati guztien arrazoi-gosea...
denbora asekaitzaren ispilu...


2011-09-06

ISPILUAK HERREN EGITEN DUENEAN... BENITO KANTARI


ASTEKO HITZA: MIROTZ(A)

Zer da itsasertzean arraun orruen oihartzun bustien hegada askeek sortzen dutena? Zer da luma horien mozorroak negarra ezkutatu nahi duenean, ospatu nahi izaten duena? Zer da kantu baten zirrara... ur arrastoen artean hegan zoazela xuxurlatzen dizuna...?

Zer da Benito kantuan hasten denean, hegoak zabalarazten dizkizuna? Zer da Orioko itsasertza bihozkadaz betetzen duena?

Mirotza hegan, mirotza igerian... eta gu begira, itsaso kresaltsuaren eta zeru haizatuaren artean guk tokia non dugun asmatu nahian...




ASTEKO AFORISMOA: "
Ispilua beti begi-zabal, baita guk begiak ixten ditugunean ere... "

Bazen behin begiak itxita ispiluaren aurrean jarri zen (bizilagun bat?)... Begiak itxi, argazki makina eskuetan hartu eta ispilurantz argazkiak ateratzen hasi zen... zer ikusiko... begiak ixtean zer ikusten den jakin nahian edo...

Argazkian ispiluak ikusten zituenak azaldu ziren (zalantza egitea ere!). Orduan jakin zuen (bizilagunak?) ispiluak begiak itxita dagoela ere begi-zabal mantentzen dituela zentzumenak.

Ni ere begira nengoela... hori ez zion ez argazkiak ezta ispiluak ere esan (bizilagunari?).




ASTEKO HAIKUA


"Erabakiak...
erori gabe doaz

beti herrenka"


2011-09-01

131


131... izan zitezkeen gaur goizean emandako muxuak... izan zitezkeen gaur goizean egindako galderak... erantzun beharrekoak... izan zitezkeen gaur goizean entzundako kexak... ikasleengan sumatutako urduritasun arrastoak... izan zitezkeen lanera bidean bide bazterrean zenbatutako opor oroitzapenak...

131... izan zitekeen 13 1 ... edo izan zitekeen batak hogaita hamaikari kontatzen dionaren laburpena. Errazagoa baita batean hogeita hamaikaz hitz egitea, biharamunak bezperari begiratzea.






Eta batak hogeita hamaikari... eskutik izanda... hordagoa botatzea onena! Halakoetan zenbat garbantzu dira poltsikoratzen direnak? Aurtengo lehenengo bost pikuak poltsikoratu nizkion atzo oporretako azken egunari... eta piku potolo-potolo batek bere baitan zenbat garbantzu gorde ditzakeen kalkulatzen hasita... garbantzu mordoska bat poltsikoratu ditudala, aldegia! Neure buruari hordagoa bota eta eutsi! Irailaren 1ean abuztuaren 31ri partida irabazteko modu bakarra... ikasturtea pikuak janez hastea!


2011-08-29

Patxintxi bustiak


Sarak sei urte ditu eta laranja koloreko soineko bat. Bular parean lore txiki bat dauka soinekoak. Titi txikiak ditu Sarak, oso txikiak, ikusi ere ez dira egiten ia. Alexenak ere izan zitezkeen Sararen titiak. Bi patxintxi esaten dio Alexek hondartzara joaten direnean. Eta Sarari ez zaio hori entzutea gustatzen; Sarari ez zaizkio patxintxiak gustatzen.

Alexek zazpi urte ditu eta izugarri maite duen kolore gorriko kamiseta bat. Hartz handi bat dauka kamisetak bizkarrean. Horregatik eramaten du Alexek bizkarra okertuta... berak dio hartzak asko pisatzen duela. Hamabost kilo. Eskolarako prestatzen duen motxilak baino dezente gehiago.




ALEX: Zergatik ari zara negarrez?
SARA: Edalontzia betetzeko gai naizen ikusi nahi nuen...
ALEX: Eta?
SARA: Begiak mindu zaizkit...
ALEX: Eta?
SARA: 1285 malko zenbatu ditut...
ALEX: Eta?
SARA: Edalontziaren hamarrena ere ez dut bete...
ALEX: Eta zenbat da hori?
SARA: Zortzi min eta erdiko zuloa...
ALEX: Eta zulo horrek egarririk asetzen du?
SARA: Zuloak gosearentzako izaten dira...
ALEX: Edan dezaket...
SARA: Zer?
ALEX: Zure min hamarrena...
SARA: ...
ALEX: Badakizu zer, Sara?
SARA: ...
ALEX: Edalontzia betetzeko gai zaren ikusi behar zenuke...
SARA: ...
ALEX: ... baina, irribarrez... irribarrez bete behar zenituzke edalontziak... edalontziek gainezka egin arte...
SARA: Patxintxirik nahi duzu?
ALEX: Hartzarentzako?


2011-08-22

PLAZERA...



Nekearen arrastoei begira egotea...
Infinituak zenbat neur dezakeen kalkulatzea...
Postontzian uzteko bertsoaren oinen bila harkaitz arte urrunetan ibiltzea...



Hodei zurixken artean lo kuluxka bat egin dezakezula sinestea...
Ipurdiaren pisuak non eseria topatzea...
Gainari gainetik begia luzatzea...
Borobildutako bertsoari ahotsa hegan jartzea...

CASTILLO DE ACHER (2390 m)

Infernurako ahoan barna
irrika ezin lasaitu,
basoan gora eguzki printzek
ahalegina dute blaitu,
borrokan gogor saiatu arren,
tontorrak gaitu epaitu,
bihotz begiak aske uzteak
ondorio hori baitu,
guk gaztelua konkistatu ordez,
berak konkistatu gaitu.




Argazkiari argazkia ateratzea...
Behi otzanekin jolasean aritzea...
Mendiaren baitan tximeleta bat bizi dela irudikatzea...
Gorriari berdea margotzea eta zuriari urdina marraztea...



Trikuharripean iratxoak aurkitzea...
Errekastoaren (Aguas Tuertas) bihurrikeriekin liluratuta gelditzea...



Kikerekin batera afaltzea...
Erbiaren begirada ehizatzea...
Izar artean lo egitea ("izar azpian mundua dago izarapean zerua..."Joxerra Gartzia-Imanol Larzabal)...
Gauaren iraupenari hozka egin eta goizak denbora geldiarazten duela sentitzea...



Aldaparen inklinazioa erregela zuzen batekin trazatzea...
Aldapan gora ondoan bultza egiten dizun indarra daramazula sumatzea...
Arnas hotsarekin ezkutaketetan jolastea...



Maitasunari idaztea...
Emakume frantsesak bertsoaren nondik norakoak ulertu dituela ikustea...
Postontzirik topatu ez eta papera harri bihurtzea...

BISAURIN (2670 m)

Gabarditotik gora
indarrei eragin,
higanako bidean
eginaz ahalegink,
harkaitz aldea zuri,
zeru gaina urdin,
behin hi ezagututa
ezer ez duk berdin,
bat-batean bihotzak
salto zidak egin,
seko maiteminduta
utzi nauk Bisaurin!




Pausoa arrastaka eramatea...
Jositako bideari tira egitea...
Bizkarrean bi begi eranstea...




Plazera... Hecho bailaran bi egun eta erdiko egonaldia Joxe eta Ikerrekin konpartitzea...
Plazera... ahaleginarena.


2011-08-07

GORBEA


Gontzal Mendibilen (Gorbeiako Haizea) kantu ederra entzun ondoren irakurtzeko.



Beasaindik Gasteiza

handik Barazarra,

Saltropolen utzita

gure kotxe zaharra,

pinupean jo dugu

Atxuri bizkarra,

Gorbeara bidean

gora ttirri-ttarra,

azkenean loratu

zaigu irriparra,

aukeran handi eta

nabarmen samarra,

zu zara maite dugun

gurutze bakarra.








Bazen behin behor bat lotsaren lotsaz azal sendo marronkaren katamalo masail gorri amapolaz beteak loratzen zitzaizkiona. Gorbeialdeko bizkar belartsuetan bizi zen bi hankako animalia lotsagabeen esku arteko makina dirdaitsuetatik ihesi. Moxal txiki polit batez erditu da aurtengo udan. Eta esnea edaten du ugari moxalak. Esne zuriari tira egiten dio, eta zupa, eta... gorriari ere barrura egiten dio bultza. Konturatu ere egin gabe amaren lotsaz elkatzen ari dela. Dena irristan dator amapolen petalo bustietan behera. Eta ze arraio! Handi eta eder egingo bada lotsatzen ere ikasi egin nahi du. Orain moxala da masailak gorritzen zaizkiona. Eta bi hankako animalia lotsagabe hau hurbildu zaienean horixe da to! oparitu didatena: aurpegi-muturrak ezkutatu eta bi ipur-masail tente, sendo. To, lotsagabeari lotsagabekeriak!


URDABURU



Tentazioak. Eskua luzatu eta ukitzen ez direnak. Begiz jo eta erakarri ezin dituzunak. Hurbildu eta urruti ihes egiten dutenak. Tentazioak; irudimen amaraunak.

Mendira igo eta itsasora salto egiteko tentazioa. Horixe Urdaburuk (urdearen buruak) eskaintzen duena. Ugaldetxotik gora Hernani eta Goizueta arteko baso lehertu ederretan barrena tontorrak (595 m) itsasaldea da esku ahurrean jartzen diguna. Tentazioa... gorputza esku ahurrean murgiltzekoa.



Urumeako uretan gora
Añarbe abiaburu,
pinu, pago ta haritz artean
ordu ta erdi inguru,
Astigarraga, Hondarribi ta
Donostia buruz buru,
ia seiehun metroko mugan
eder zaude Urdaburu,
zure gainetik itsasoaz ta
mendiaz gozatzen dugu.

2011-08-02

IZPIZTE-ORIXOL



Lehenengo deskribapena zazpi urterekin idatzi nuen. Ganbara batean aurkitutako trapuzko panpinari bi begi eta irribarre bat marraztu nizkion. Hautsak fosilizatutako irribarrea; panpina triste baitzegoen aspaldian. Bakarrik. Jolas artera eramango zuen ume baten esperoan. Ez dut gogoan panpinaren soinekoari eman nion kolorea... izan zitekeen arrosa edo izan zitekeen horia. Sagu txiki bat. Panpinari ondoan jarri nion laguna.



Hogei urteren bueltan, hiztegiari tiraka nabil. "Deskribatu: Hizkuntza edo irudien bidez pertsonak, gauzak tokiak, etab. nolakoak diren adierazi." . Hiztegia hartu eta hitzei tiraka nabil, igandeko sentsazioak deskribatzeko hitz-harien bila. Hitzak pilatu ditzaket: baso, itzal, harkaitz, magia, Iker, sorpresa, begirada, ikuspegi, orbel, zulo, esku, arrasto, ikusgarri... Hariak korapilatzen ez naiz ausartzen. Deskribapen batzuk ez dira paper gainean hilezkortzekoak. Deskribapen batzuk ikusi, bizi eta barru-barruan eramatekoak dira.

Aramaioko Etxaguen auzotik gora Anbotopetik Izpiztera (1057 m) egin genuen bidea. Bertsoa pentsatu eta postontzian sartzeko tartea hartu genuen:


Aramaiotik Etxaguenera
zentzumenak bide eske,
Anboto, Alluitz ta Tellamendi,
Orixol besteak beste,
harkaitz zorrotzak makulu sendo,
pago itzalak gerizpe,
ama lurraren mirakulua
horixe dugu Izpizte,
zerura hurbildu nahi baduzue
hona etorri zaitezte.



Izpiztetik Apaizaren Kobara. 1872. urte inguruan Santa Kruz apaiza ezkutatuta egon zen harkaitz arteko zuloa. Infiniturako balkoia.


Eta handik Orixolera (1127 m). Tontor-gaina ederra, bidea zoragarria.


"Anboto ta Orixol
biak parez pare..."






Zer da, zer da... halako egunetan hasi eta bukatzea nahi izaten ez dena? Ba horixe, zazpi urterekin topatutako trapuzko panpinari kontatu diot igandean bizitakoa. Beregan fosilizatu ditut igandeko sentipenak. Hauts artetik irribarrea sumatu diot panpinari. Benetako irribarrea. Sagurik ez dut ikusi.


2011-07-31

LOKIZ



Eguerdiko ordubatean egin daitezkeenak: ordulariari begiratu, matematikari mingaina atera, berandutxo dela pentsatu, atzoko egunkari irakurri gabeari bistadizo bat bota, bururatutako esaldi ponpoxo hori idatzi, makarroiei igeri egiten irakatsi (elkarri eskua emanda gera ez daitezen), 1100. urtera salto egin Totiren zaldi gainean, etabar, etabar, etabar eta mendira abiatu.

Bai, badakit: ez da mendira joateko oso ordu txukuna (hau da, ordu desordenatua da. Hankaz gorakoa gutxi gorabehera). Baina, halabeharrez (bai, oporretan ere halabeharrak izaten dira) etxetik hamarretan atera eta bertaratzeko aukeran dituzun hiru bideetatik ezjakintasunez (maparen gainean arrasto zuzenik motzena berau zen baina...) luzeena aukeratuz gero, mendipera eguerdiko ordubatean iristeko arriskua duzu. Eta arriskuak bete egiten dira tarteka-tarteka.

Ordulariak ordubatean harrapatu gintuen ostiralean Gastiainen (Lana ibarra Nafarroan, Arabako muga (Kanpezu) urruti ez). Herritarrekin kontutxo batzuk egin, motxilak bizkarreratu, kremaz aurpegi-sorbalda gainak zuritu eta abiatzerako ordubata eta erdiak. Eta gu mendian gora, hankaz gora.

Paraje ederra da Lokiz mendizerrakoa, harkaitz bertikaletan zintzilik irudimena dilindan kartzeko aproposa.



Bi tontor: Arnaba (1255 m) eta Otzamendi (1255 m). Arnabari bertsoa egin eta Otzamendiri (Balkoi ederra dugu/ Otzamendi gaina...) puntua sabeleratu genion:


Bost herrixkako bailara,
paretatzarren zirrara,
Lanaibar ederra zara,
mugarik muga elkar muxuka
Nafarroa ta Araba,
bien zaindari Arnaba,
begien gozagai hara!
Lokiz zoragarria da!





Arratsaldeko zazpietan egin daitezkeenak: ordulariaz ahaztu, matematika poltsikoan sartu, goiz izan daitekeela pentsatu, atzoko egunkariarekin bigarren irakurraldi bat egin, bururatutako esaldi xelebre horrek zentzu handirik ez duela errepikatu buruari, itotako makarroiekin zer egin asmatu, 1123. urteko Nafarroaren lurrak orri zuri batean marraztu, etabar, etabar, etabar eta egunpasa polit bati argazkia atera. Buruz behera.

2011-07-29

BIGARREN PLATERAK... eta eman pedalari...



Bi lehenengo plater jateko aukera izanez gero, zertarako egon bigarrena noiz etorriko zain? Ez, ez naiz bigarren platerak jan zalea.

Liburutegira joan eta buruan zenuen liburu hori egon ez eta... itsu-itsuan eskua apalategian sartu eta... hauxe etxerako. Bai, ezuste asko ederrak izaten dira, baina.... ah! Hortxe arantza... zuk liburu hura nahi zenuen...

Telebista saio bat ikusi nahi eta saioa eskaintzen duen telebista-katea izorratuta... itsu-itsuan hatz-jolas baten ondoren... horixe ikusiko dut... ezuste asko ederrak izaten dira, baina.... ah! Hortxe arantza... zuk saio hura ikusi nahi zenuen...

Bai, harrapatu... mutil horrek harrapatu egin zaitu, inguratu zatzaio (buf! a ze komeriak!) eta... kaka! Edo neska du, edo ez zaitu gustuko, edo... eta itsu-itsuan eskua luzatu diozu... hura ere gizon ederra da... baina.... ah! Hortxe arantza... zuk bestea gogoan...

Ez, ez naiz bigarren platerak jan zalea.




Aste osoan zehar (ejem, hilabete osoan zehar) eguraldia ez da portatu. Gaiztakeriatan ibili gabe bihurrikeria txikiak egin ditu. Hori iruditu zait niri, mendi gainei txapelak jartzeko tentazioz zirika ibili zaidala. Egun bati eta hurrengoari leiho ertzetik tira egiten saiatu naiz. Baina, ezin. Eta nik mendira joan nahi. Baina, mendi gainetan busti gabe ibiltzeko aukerarik ezean... itsu-itsuan eskua luzatu eta... hortxe lagun berria... bizikleta... ezuste asko ederrak izaten dira, baina.... ah! Hortxe arantza... nik mendia nahi...



Lehenengo pedalkada (Ezkiora) tira, bigarrena (Lizarraustira) lotsati, hirugarrena (Otzaurtera) gozo, laugarrena (Altzora) ezti, bosgarrena (Olaberri eta Lazkaomendira) ilusioz, seigarrena (Araitz bailarara) muxuka, zazpigarrena (Gaintza-Larraitz-Bedaiora) maitasunez. Bai, maitemaindu egin naiz. Bizikletarekin. Kilometrotan eta kilometrotan bizikleta lagun egitearekin. Mendate luze bat, bi mendate ertain, aldapa beldurgarriak, herri bat han, 80 kilometro, herri bat harago, ipurdiko mina, pinoi txikia, plater handia... eta eman... eta eman... ezustean maiteminduta.

Portatu da. Eguraldia. Orain bi lehenengo plater ditut. Eta biak jateko aukera izanda zertarako egon bigarrenaren zain?

2011-07-20

GOZATU


Banuen gogoa. Behar nuen. Ase, (z)urrupa. Bete, zupaka. Heldu, pittin bat bortitz, batez ere ezti. Zirrika eta laztanka ibiltzea ongi dago (oso ongi) baina, aho beteko irentsialdia eskura jarriz gero, zergatik atseden hartu? Etzanda nahiz eserita, alboka ere gaizki ez. Arrats iluntzen hasi berrian saltoka-saltoka, leiho ondoko begirada biluziei irribarretsu. Listu bustiko hatzen dantzaldien beharrik gabe azala zuritzen. Irrist egiten du irrikak, irrist egiten dit itzal betileetan korapilatuak. Jolasa da finean. Desioa. Bizioa. Banuen gogoa. Behar nuen. Ase ondorengo sentsazio hau. Gozatu dut. Izugarri.


Izan zitekeen larrujotze bero, sutsu, alimalekoa (harrapatu haut!). Izan zitekeen... azal biluzien leherketa. Banuen gogoa. Behar nuen. Egunotan egin diet hozka Julio Llamazaresen ipuin laburrei, egin diet zirri Miren Agur Meaberen olerkiei, egin diet laztan Eduardo Punseten hausnarketei, baina, banuen gogoa, behar nuen aho beteko irentsialdia neure egiteko. Hiru eguneko asea. Eskerrik asko, Andu!

Anjel Lertxundiren azken eleberria izan dut egunotan esku artean, Alberdania argitaletxeak argitaratu duen "Etxeko hautsa" liburua. Jorge (Gorka) aitari ari zaio, mundutik alde egin gabe mundualditik kanpo dagoen aitari. Hariak, hausnarketek kateatu egin naute... galdera barru zirikatzaileek oporraldia zirikatu. Ez zaik bizitza gustatzen, ala? galdetzen (erasotzen) dio aitak momentu batean semeari. Eta ni hementxe ari naiz bizitza gustuko eginarazten didatenen zerrenda egiten. Zerrendako puntuetako bat: Anjel Lertxundi irakurtzea.


Touché! Harrapatu nauk! Mila esker Andu, gozaldiarengatik!