Liburuak irentsi genituen 2009ko apirilean; memoriari tiraka aritu ginen 2010ean; 2011n farola baten azpian jolasean ibili ginen; harriekin hotsak atera genituen 2012an; iaz atximur egin genion arteari eta aurten... argi-itzaletan ibiliko gara ezkutuka. Hezkuntza da, kultura, euskara, elkarbizitza, ikasleekin batera egin nahi izaten dugun bidea. Ilusioa da, emozioa, jakin-mina, jolas egiteko gogoa, esperientzia bizitzeko irrika. Urduritasuna da eta ongi egiteko ardura. Heldutasuna da.
Nafarroa hau ere bada. Zizurko ikasle-irakasleok badakigu politika mailako ika-mikez harago hezkuntzari hozka egin, hizkuntza maitatu eta geure bidea egiten. Gu ez gaude geldirik. Gu aurrera goaz.
Bihar arratsaldeko zazpietan elkartuko gara Zizurko Kultur Etxean. Taula gainean 60 bat lagun, 11 eta 17 urte bitarteko ikasleak. Eta irakasleok laguntzen. Poesia egingo dugu, eta dantza, eta musika, eta antzerkia. Hori delako egitea; kultura, euskara eta hezkuntza egitea. Gu han izango gara, zu ere etorri!
Iñaki Otaño musika irakaslearekin batera taularatuko naiz ni ere. Hauxe prestatu dudan olerkia:
ITZALIK GABE JAIO NINTZEN
Itzalik gabe jaio nintzen,
izpi eskeletikoen umezurtz
pausoak zintzilikatzeko mamu baten faltan,
takoi zorrozdun zapatekin zorua zulatzeko arrazoi baten
faltan.
Jolasik ez dut izan nire gorputzaren aurre-atzeetan,
Jolasik ez dut izan eguerdiko hamabietan.
Irudimenezkoa da nire bizkar-bularren marrazkia.
Noizbait saiatu naiz eguzkia poltsikoan sartzen,
noizbait saiatu naiz itzala marrazten,
arnasa ihartuen iluntasunari.
Baina infinitu suizida bat da eguzkia,
poltsikoko zuloetan bizitzari mingaina ateratzen diona.
Itzalik gabe jaio nintzen,
eta orain gaua lapurtzen dut,
gaua lapurtzen dut nire argitasunetik.
Itzalik gabe jaio nintzen
eta orain gauez bizi naiz.
Itzalik gabe jaio nintzen
eta ez dut argirik gabe hil nahi.
Atzo Euskalerria irratian izan ginen Txaro Etxetxipia irakaslea eta biok, eta Ana Gurpegi, Mikel Biurrun eta Unai Ruiz ikasleak.