2012-01-10

ITAKA (Eneko Aizpurua_ 2012-1-7)


Erre daitezke San Juan sutarako pilatutako traste zaharrak, edo erre daitezke oroitzapenak, edo zigarretak edo belar txarrak. Nahi izanez gero, txantaiak eta mehatxuak eta gaizki ulertuak eta beldurrak ere erre daitezke. Erretzen dena errauts bihurtzen da edo erretzen denak hautsa botatzen du eta hautsa harrotzen du. Erre suarekin egin daiteke, edo begiradarekin, edo ahazturarekin. Eguzkitan erretzen diren azal zuri eta hezur gorriak ere badira. 

Gorria... erredurak kolorerik badu... gorri margotzen ditugu umetan errauts bihurtu bitarteko erredurak. Gorritik beltzera. Errautsak zikindu egiten du, barrua batez ere. Errautsak estali egiten du, barrua batez ere. Errautsa hilezkorra da denboraren joanean. Pilatutako izerdiaren antzera komeni da, tarteka, noizbehinka, geure buruarekin hizketan aritzen garen une erraustu horietan, komeni da, errautsak barreiatuz, hautsak astintzea.






Errauts (Erein) liburua esku artean hartuta etorri zen Eneko Aizpurua idazle lazkaotarra larunbatean irratira.  Errautsa kristalezko kopa baten barnean, eta kristalezko kopa hirurehun euroren gainean. Horrekin guztia esanda dagoela uste duenak, azalaz harago hozka egin diezaiola Errauts liburuari! Ikerketa, mehatxuak, etorkinak, erraustegia, negozioak... Hitz egiteaz gain, jolasteko aukera ere izan genuen; tarte polita igaro genuen elkarrekin!


Eta murumurioka aritu ginen Joxe Goikoetxearekin eta haikuekin korapiloak egin genituen Andoni Salamerorekin eta Joxe Mari Lasari omen egin nahi izan genion, hitzez eta kantuz. Goxo. 
Hitzontziko bigarren saskia ere banatu dugu. 6824 zenbakiren artetik 1779 zenbakiak egin zuen zakuan kanpora salto. Eta zorteduna... Amaia Irastortza ordiziarra! 

Horiek guztiak larunbateko Itakako kontuak... saioa entzun nahi izanez gero, egin koxk!

2 comentarios:

  1. Saio ederra eta hunkigarria, bere osotasunean. Liburua gustura irakurri det.Zorionak Eneko eta ongi etorria literatur mundura.

    ResponderEliminar
  2. Adio adiskide! Lehenik eta behin pertsona hitzen, pertsona ona, gertukoa, laguna; eta gero edo parean, euskera huen maite, euskara eta txistu/dulzain musika doinuak. Herriaren eta herritarren zerbitzura lan asko egindakoa, isilean, apaltasunean, zarata hots handirik sartu gabe, ekin eta ekin. Eskerrikasko Joxemari. BETIRAKO GURE ARTEAN. Merezitako omenaldia zuek eskeinitakoa, hunkigarria eta goxua. Goierritar idazle berriari, Enekori, zorionak.

    ResponderEliminar