2012-01-25

MAITASUNA ZINTZILIK. ZAIN?



HITZA: AIHEN



Garrasiak zintzilikatu egin daitezkeela ikasi nuenetik, ezpainak josita egiten dut salto oihuak urkatuko zaizkidan beldurrez. Ez da erraza Tarzanena egitea, ez da erraza zure pisua aireari oparitu eta "zerbaitek" (aihenak?) eutsi zaitzakeela sinestea. Pisua eutsi egiten da. Pisua eutsi egiten da? Eta zenbatekoa da pisua beldurrak (erortzeko beldurrak) tira egiten duenean? Aihenatik zintzilik ikusi nuen neure burua lehengo batean Andoingo ur-jauzietatik gertu, aihenatik zintzilik aieneka.



AFORISMOA: "Maitasunak itsutu ez zezan, okulistarekin maitemindu zen"

Bazen behin lentilladun begietan betaurrekoak janzten zituen (bizilagun bat?). Begiak itxita ibiltzen zen batetik bestera. 

Zergatik eta... maitearen besoari helduta ibili nahi izaten zuelako. Maiteak besoa ukatu zion batean, estropezu egin eta min hartu zuen. Maiteminez bizi da orain.



HAIKUA

Zebrabidean
zaldi zuri-beltza zain, 
koloreen zain.


4 comentarios:

  1. Badakizu beti-beti-beti izaten naizela zure hitzei begira (ez dakit beti-beti matematikoki zenbat den, baina beharrik ere ez!). Eta gaur... gaur zaldi zuri-beltzaren ondoan geratu naiz, koloreek harrapatuko ninduten (edo ez). Eta... gaur mila esker, harrapatu nauzulako (filmetako presoak bezala, zuri-beltz-zuri-beltz, haikua zeharkatu nahian).

    Muxu potolo bat eta laster arte (laster matematikoki zenbat da?)!

    ResponderEliminar
  2. Laster, agian, eta antzeko hitzak matematikoki beti dira infinitu edo X periodo bestela, ezta? Niri hala irakatsi zidaten, edo nik hala ikasi nahi izan nuen behintzat. Jeje, portzierto, ederra haikua!

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. x periodo? Ze demontre da hori? ;-) Anonimoak zer dio x periodoaz?

      Laster matematikoki soluziorik ez duen ekuazio bat da. Noiz emango dizut matematika klasea ;-D?

      Infinitu soluziodun muxu erraldoi bat!

      Eliminar
  3. Beharbada hori izango da arazoa, matematika infinituegi eta periodikoegi ikusten dutela batzuek (perdiodikotasuna: beti gauza bera egiten dugunez... infinitua: ulertzeko beharrezko denbora). X periodoak... hori matematikazaleontzako zailegia da, filologoren batek beharbada... ala filosoforen batek, nik zer dakit!

    Matematika klasea.. laster? jeje Nik bisita nahi dut, matematikak itxaron dezala! ;-) (inauteri aste horretan edo, ahal duzun egunen batean, zuk aukeratu laster horrek zenbat "x periodo" duen).

    Muxu finitu, determinatu, ulergarri bat!

    ResponderEliminar