Opari bat jasotzen duen
gehiengoak jasotakoa beste opari batengatik aldatu, Internet bidez saldu,
etxeko txokoren batean ahaztu edo beste norbaiti oparitzen omen dio. Asteburuan entzun nuen telebistako albistegi
batean. Eta ez dakit, entzundakoak ez
dakit barregura, tristura, lasaitasuna, haserrea edo besterik gabe hurrengo
albistea entzuteko gogoa eragin zidan.
Barregura egoeraren
absurdotasunagatik. Tristura egoeraren absurdotasunagatik. Eta neurri berean haserrea ere bai, gehiegizko
kontsumo arduragabearengatik. Lasaitasunak betetzen nau gehien.
Zirko-komedia-antzerki-zentzugabekeria horretatik guztitik neure burua urruti
samar kokatzeak.
Eta egoeraren absurdoa da oparia
egiten duenaren eta oparia hartzen duenaren artean sortzen den, sortzen den,
sortzen den… egia esan ez nuke asmatuko oparia egiten duenaren eta oparia
hartzen duenaren artean sortzen dena zehatz definitzen. Zerbait absurdoa
sortzen da bien artean, oparia biltzen duen papera lotzen duen laxoa bezain
absurdoa den zerbait.
Oparia egiten duenak begirada
zorroztu egiten du, eta jasotzen duenak kamustu. Oparia egiten duenak besoak
luzatu egiten ditu eta jasotzen duenak uzkurtu. Oparia egiten duena zain egoten
da eta jasotzen duena esperoan. Oparia egiten duenak irribarrea garesti izaten
du eta jasotzen duenak merke. Oparia egiten duenari oparia egitean bukatzen
zaizkio buruko minak eta jasotzen duenari, nonbait, orduan hasten. Bai,
badakit, guztia ez da zuri eta beltz, baina, erdian geratzen dena hori baino ez
da: grisa.
Pentsa, oparia. Opa haria. Haria
opatzea, alegia. Besoa luzatzen duenaren eta besoa uzkurtzen duenaren arteko hariak
lotzea, alegia. Baina, hariak korapiloak sortzen ditu ustekabean, eta badakigu,
korapiloek lotura estutu bai baina, nahastu ere egiten dutela. Opariek
nahasmena sortzen dutela, alegia.
Bistan da, ez naiz paper, laxo
arteko opariak egin eta jaso zale. Nahiago dut data, arrazoi eta aitzakia
jakinik gabe, unean uneko besarkada, muxu, begirada eta eskuak, eman eta jaso. Paper eta laxo beharrik gabe,
opari ekologikoagoak dira, beste opari
batengatik aldatu ezin daitezkeenak, Interneten saldu ezin direnak, etxeko
txoko ahaztuetan baztertu ezin ditugunak eta beste norbaiti oparitu ezin
daitezkeenak. Opari hauek bai, opari hauek haria opatzen dute, lotura. Buruko
minik sortu gabe eman eta jaso daitezkeenak.
Opari bat jasotzen duen
gehiengoak jasotakoa beste opari batengatik aldatu, Internet bidez saldu,
etxeko txokoren batean ahaztu edo beste norbaiti oparitzen omen dio. Asteburuan entzun nuen telebistako albistegi
batean. Eta ez dakit, entzundakoak ez
dakit barregura, tristura, lasaitasuna, haserrea edo besterik gabe hurrengo
albistea entzuteko gogoa eragin zidan.
Imajina dezakezue hurrengo
albistearen titularra: Krisia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario