2012-01-07

eskaileretan





Bizilagunak atzo kontatua.  Batzuetan etxe atariko eskailera aurreetan elkartzen gara bizilaguna eta biok. Elkarri ipuinak eta istorioak kontatzen dizkiogu eta tarteka bada ere, inoiz ezkutuan idatzitako poemak errezitatzen ere ausartzen gara. Bitxia da baina, elkarrekin gauden momentuetan sekula ez da beste bizilagunik eskaileretan gora edo eskaileretan behera azaldu. Eta igogailurik ez du gure etxeak.

Urte berriko kontuak kontatu nizkion atzo bizilagunari. Aizkorrin izan nintzela eta Oiartzunen bizi diren bi katalan ezagutu nituela eta urte berriari eskainitako bertso bat utzi nuela puntaren puntan, postontziaren barnean.

Bilboko autobusa hartu zuela kontatu zidan berak. Besterik egin gabe, joan egin nahi zuela eta gero etorri. Urtea ere ekainera bitartean, edo irailera bitartean, joan egiten dela eta gero itzuli. Autobusa hutsik egon arren, bizilaguna eta gidaria beste inor ez, igo zen emakumea bere ondoan eseri omen zen. Imajinatzen dun, Irati? Eta nik baietz erantzun nion, harrigarri samarra bazela, baina, imajina nezakeela. Minutu bat isilik egin omen zuten. Sei minutu isilik egin omen zituzten, eta lo hartzera zihoala, badakin Irati, urtea erdi lo joaten dun ekainera bitartean, lo hartzera zihoala aldamenean eseritako emakumeak Kaixo, ni Urte Berria naiz esan omen zion.  Imajinatzen dun, Irati? Eta ordukoan ezetz erantzun nion, hura imajinatzea zail samarra egiten zitzaidala. Ba halaxe esan omen zion, Urte Berria zela eta axola ez bazitzaion berarekin egingo zuela bidea. Eta gero zer pasa zuan? Gero? Ezer ez. Joan egin gintunan eta atzera itzuli. Orain nirekin bizi dun. Nor? Emakumea? Ez, neska; Urte Berria.

            Eskailerako kontuak horrelaxe joan ziren atzo. Gero pentsatzen egon nintzen, emakumearen eta Urte Berriaren kontu horrek zer ote duen atzean. Eta pentsatu nahi dut ezetz, hilabeteek aurrera egin ahala, urte berriak ez duela gugan itsatsita jarraitzen; urtea erabili, eta urratu eta gastatu eta zulatu eta berriz josi egiten dugula.

            Bizilaguna eta biok eskaileretan gaudela azaltzen ez diren gainerako bizilagunengan pentsatzen ere aritu naiz. Ateen bestaldean leihatila txikietatik begira egoten direla uste dut. Eta hori urtea bizi ordez, urtea pasatzen ikusten egotearen parekoa dela esango nuke.

            Etzi berriro elkartuko naiz bizilagunarekin. Eskaileretan eseri ordez, etxez etxe poemak errezitatzea proposatuko diot.

2 comentarios:

  1. Ni ere urte berri egunean hantxe izan nintzen, Aizkorrin; bertaratzen naizen bakoitzean zaile izaten da sentitzen dudana azaltzea: izugarria, ederra, paraje haiek ( Aizkorri/Urbi ) harrapatuta naukate, erabat.Urte Berri On!

    ResponderEliminar
  2. Mendi bazter zoragarria da bai! Zapelatxa hegan, aske ibiltzeko aproposa. Urte berri on!

    ResponderEliminar