2012-07-06

ITAKA (Leire Alonso_2012-6-9)


Ate bat zabaltzea ez da hain erraza, atearen bestaldean zer dagoen dakienak ateari bultza egiten dio. Atea zabaltzea beste kontu bat da; ez da bultza egitea bezain erraza. Atea zabaldu, pixkanaka zabaltzen da. Pixkanaka... begirada bat, esku bat, haize bultzadatxo bat, hitz bat soka muturrerako... Atearen bestaldean zer dagoen ez dakienak pausoak bi norabidetan ematen ditu. Horregatik sortzen dira bihurguneak. Horregatik da bizitza zorabio konstante bat, matxinsalto baten jauzi ikusezinaren jarraipena.

Bizitza zozketa infinitu bat da eta iheserako bidea topatzen ez duten zenbaki guztiak atepeko zuloan kateatzen ditugu. Bizitza atepeko zirrizkuetan hasi eta bukatzen da argi-ilunen bizitoki berean.

Ate bat zabaltzea ez da hain erraza, baina zorionez asmatzen dugu ateak zabaltzen, asmatzen dugu atepean kateatutako zenaki guztietatik behar dugun hura aukeratzen. Eta aukeratzen ditugu begirada eta eskuak eta haize bultzadatxoak eta hitzak soka muturrerako... Eta aukeratzen ditugu ateak zabaltzeko uneak eta batez ere guneak. Eta gune horietako bat izan daiteke, adibidez, institutu bateko pasabidea. Institutu bateko pasabidea bera, ate handi bat da. Eta lehendik zabalik egoten den  arren, horretan ere asmatu egin behar da. Institutu bateko pasabideetako atea zabaltzen.



 


Leire Alonso -> Marcilla eta Asturiaseko urek Burlatan egin dezakete topo.  Eta Burlatan elkartzen diren urek maite dute poesia eta prosa, maite dute musika, maite dute matematika, eta Burlatan elkartzen diren urek, bereziki eta batez ere maite dute bizitza; hori begietan nabari da. Eta begi horiek dira Leirerenak, ekainaren 9an hitz egitera etorri zen, eta batez ere ongi pasatzera. Poesiaz, prosaz, literaturaz, hezkuntzaz, matematikaz, musikaz... hitz egitera etorri zen, asko du kontatzeko 1994an jaio zen neskatoak.
 
Bizitzaren indeterminazioez eta bizitzaren limiteez aritu ginen... Zertaz? Ba, horretaz, begiradez, eskuez, haize bultzadatxoez eta hitzez... soka muturrerako hitzez...Barre eta negar egin genuen, eta batez ere ongi pasa genuen. Larunbat goizak, horretarako direlako, lagun on bati besotik heldu eta ongi pasatzeko.


2012-06-27

ITAKA (Patxi Ezkiaga_2012-6-23)



Batzuetan bizitza horrelakoa da. Eta kitto. Batzuetan bideak galtzen ditugu eta batzuetan bidean galtzen ditugu geure buruak eta geure poemak. Eta bideak bihurtzen dira poema eta bideak bihurtzen dira buru. Eta ahaztu egiten dugu, poemak horretarako dira, bidean aurrera egin behar dugula ahazteko.

Batzuetan bizitza horrelakoa da. Eta kitto. Batzuetan ostiralak poema gosez esnatzen zaizkigu eta batzuetan poemak lotarako aitzakia baino ez direla konturatzen gara. Gero iristen dira larunbat goizak eta begizuloak. Gero iristen dira poema hautsez goxatutako arroz esneak. Eta beti eta dena gero iristen denean, orduan gogoratzen gara esnetara erori ez zitzaizkigun arroz aleez. 

Batzuetan bizitza horrelako da. Eta kitto. Batzuetan isiltasunetik oso urruti bizi gara. baina, ez dugu ezer entzuten. Eta poema bat horrelakoa da. Trapezio itxurako isiltasunaren parekoa. Bi oinarri paraleloren ebaketa konstantea. Eta batzuetan poema bat horrelakoa da; bizitza halakoa denean, batez ere. Poema baten isiltasun urrutikoa.



 


Patxi Ezkiaga Lasa -> Legorretatik Donostiara luzatutako zubiak Ingalaterrara, Arantzazura, Belaguara, eta poesiak ateak zbaltzen dituen txokoetara iristen dira. Legorretatik Donostiara luzatutako zubiak urak daramatza eta urak dakartza poema xaltoz beteetan. Legorretatik Donostiara luzatutako zubiak pausoak sentipen eta sentipenak pauso bihurtzen ditu. Eta eskua lotzen dizu eta begirada eta bihotza... eta ederra da, lotu ahala askatu egiten zaituelako Legorretatik Donostiara luzatzen den zubiak. Patxi Ezkiagarenak. 

Zirrara baten soinuak Patxi du izena. Begirada baten indarrak Ezkiaga du izena. Samurtasunak Lasa du izena. 

Aho-soinua Gredosen, aho-soinua Ingalaterran, aho-soinua Erriberan... aho-soinua izotz ondoan eguzki forman. Solasaldi zirraragarria izan zen larunbatekoa, begiradaz betea, samurtasunak hozkatua. Mila esker, Patxi!

Egin koxk, eta gozatu!


2012-06-25

BOILURRA IK(u)(a)SI


HITZA: BOILUR

Ezkutuan zegoena agerian jartzen denean, zerbait hausten da ezkutalekuan. Zerri-zakurrak xaxaka ibiltzen direnean, zerbait lehertzen da lurmin basatien kale estuetan. Gozoa goxo bihurtzen denean, orduan akabo. Orduan mingaina bihurtzen da ezkutaleku, eta listua, eta ahosabaia, eta poltsikoa. Batez ere poltsikoa bihurtzen da ezkutaleku ezer ez zegoen tokian zerbait azaltzen denean.

Lurraren misterioak, lurpeko sekretuen bozgorailu gastronomikoa.




AFORISMOA: Ikasi eta ahaztu, ikasi eta ahaztu, ikasi eta ahaztu... noiz ikasiko dugu ikasi gabekoak ahazten!


Bazen behin ikasitakoak bekokian idazten zituen (bizilagun bat?). Aurpegia garbitzen zuen aldiro ikasitakoak ahaztu egiten zitzaizkion.

Behin aurpegia garbitzea ahaztu zitzaion eta begi ertzetako makar artean ikasi beharreko guztiak lokartu zituen. Ordutik ikasi behar duen guztia amesgaizto bihurtzen zaio.





HAIKUA:

Mesedegarri
isiltasunarekin 
hitz egitea.



2012-06-19

BERTSOAK eta LETE eta 1512 = memoria








         Aste osoa lanean egin ostean, ostiral arratsaldetan gustura hartzen dut kirola egiteko tartea, mendi buelta bat, korrika saio bat edo txirrinduan kilometro batzuk. Aldapa pikoren bat eta izerdi parrastada bat, biak nahasian, biak beharrezko astean zehar lehortutakoak ekinaldi batean bustitzeko. 25 bat kilometroko itzulia egin nuen bizikleta gainean ostiralean, Zumarragatik bueltan, Gabiri gainera salto egin eta handik Ormaiztegi pasata etxera.  Azken 5 kilometroak irribarretsu egin nituen, pentsakor, memoriak iraungitze-datarik ba ote duen neure buruari galdezka. Ormaiztegi herri gunean izan nuen ezustekoa. Mutil koadrila bat pasioan, errepide bazterrean. Bakarren batek oihu egin zuen ni bizikleta gainean aldamenetik pasa nintzenean. Bakarren batek oihu egin zidan: bota bertsoa! Eta zergatik ukatu, masailak pittin bat gorritu zitzaizkidan, inork haizeak urratutako gorritasunak zirela pentsa zezakeen, masail gorrien kolorea memoriak kateatu zidan, ordea. Hamabost urterekin kantatu nuen Azpeitiko frontoian bat-bateko nire azken bertsoa. Hamabi urte pasa dira ordutik, bakarren batek, ordea, oraindik ere, bertsoarekin lotzen du Iratiren arrastoa. Bitxia iruditu zitzaidan pasartea, bitxia iruditzen zait memoriaren luze-zabalak egunerokoari jaten dizkion pusketak zenbateko azalera estali dezakeen kalkulatzen jartzea. Hamar urte karratu. Ez asko eta ez gutxi; besterik gabe, bitxia.


Larunbatean Xabier Leteren omenez Beasainen eskainitako kontzertuan izan nintzen. Kontzertu batek sor dezakeen sentimendua handia izan badaiteke, handia izan zen larunbatekoa. Eta gogoan ate joka arrima daitekeen memoria handia izan badaiteke, handia izan zen memoria. Bitxia da sei-zazpi urterekin ikasitako kantuak hogei urteren bueltan nola gogoratzen ditugun. Eñaut Elorrietaren ahots zirrikituetan nahastu nuen nirea, izarren hautsa egun batean bizigai bilakatu zela nire buruari errepikatzeko, behin eta bi aldiz. Hamar urteren ondoren, oraindik aitona Patxiren ahotsa eta aurpegia eta eskua eta itzala izar arteko hauts pinportez irudika ditzakedala ohartu nintzen. Memoriak ez duela zertan iraungi, baldin eta orainarekin batera bidea egiten uzten badiogu. Nahi izatea da kontua, behar izatea. Memoriarik ez duen herria hankamotza dela esanez bukatu zuen aurkezleak larunbateko emanaldia. Eta herri hankamotzak errenka egiten du bidea, orainean aurrera doala uste duen arren.

Hamabi urtek izan dezakete bost zentimetroko luzera, hogei urtek bederatzi zentimetrokoa eta bostehun urtek? Zenbateko luzera hartzen dute bostehun urtek? Pirinioen bi aldeetako lurrek adina zentimetro? Bostehun urteko memoriak zenbat zimur ditu aurpegian? Ilea urdinduta dute mila bostehun eta hamabian Nafarroa zaharrean idatzitako pasarteek? Amaiurko harriek eta Noaingo zelaiek zenbat egutegi orri irauli dituzte? Zer zekien Fernandok 2012az? Eta denbora tarte horretan guztian memoriak zenbat zaldizkoren ondoan egin du trakatan?

Pertsona, herria eta oraina memoriak bizi du. Denbora trakatan bakoitzean hautseztatu daitekeen bertsoa baino ez da. Iraganak ordea, ez lioke sekula kantatzeari utzi behar.

2012-06-18

KUIAK BURUSOIL


HITZA: Kuia

Gizarteko mintegira bisitatxo bat egin dut. Baten batek galdera bota du (horrelakoak bota egiten dira, bat-batean zarta iristen direnak). Irati... nola esaten da kalabaza euskaraz? Eta Iratik ere erantzuna bota egin du bueltan... guk kalabazea esaten deu! Baten bati irribarrea lapurtu diot, entzun al duzue? ka-la-ba-ZEA, to Goierritar iruindartua. Bai, guk etxean euskaraz jaten dugu eta kalabazea da jaten duguna.

Hortik aurreragokoak Iratiren pentsamenduan kateatu direnak, "kalabazea, kalabazea... beste htzik ere izango da ba kalabaza esateko". Ez dakit, kuia kalabazea bezain gozoa den, ez dakit matematikan ateratako kuiak matematikan ateratako kalabazak bezainbesteko lana uzten duen udako, ez dakit neskatoak mutilari emandako kuiak emandako kalabazak bezainbesteko mina ematen duen... ez dakit... bittarten kalabazea jaten jarraittuko deu goierritarrok!


AFORISMOA: "Ileapaindegiko ispiluari begira ikusmena orrazten"

 Bazen behin ispiluari itzal eginez argiari guraizeak sartzen zizkion (bizilagun bat?). Betileetan kateatzen zitzaizkion ikusi nahi izaten ez zituen ile kizkur guztiak. Betileak eta begirada eta ikusmena kizkurtu zitzaizkion aurpegia ikusi nahi ez zuen hartan korapilatzen ari zitzaiola ohartu zenerako.

Orain ileapaindegiko ispiluaru begira pasatzen ditu orduak eta orduak. Eta aspertzen denetan betaurrekoko kristalak garbitu, moztu eta orrazten ditu.



 
HAIKUA:

Denbora tik-tak
bakoitzean gelditu
egiten zaigu. 



2012-05-30

LO EG(I)(O)TEA




Ikasle batek galdetu zidan atzo: Irati, nora joaten gara lo hartzen dugunean? Eta nik neure buruari: to, Irati, helduion hordagoari. Hogeita hamaika eskutik berak, ordea, beti ez bada ere, gehienetan bezala, hogeita hamaika eskutik galdera egiten duenak. Eta hor hasten dira komeriak: eskuak izerditan, masailak gorri, belaunak ia erorian… eta eutsi egin behar. Irati, hori ez dun fundamentua, hi haiz irakaslea. Estrategiarik onena galderari galderarekin erantzutea: eta zuk zer uste duzu eh, nora joaten gara lo hartzen dugunean? Eta atzetik etor daitezkeenak; Bat: ikasleak irakaslea haizea hartzera bidaltzea. Bi: ni ilargira joaten naiz, edo halako zorakeriaren bat erantzutea hark, eta Hiru: ez dio inporta, ahaztu lehor bat botatzea; hori ere hark, hau da ikasleak.

            Korapiloak, ordea, askatu daitezkeen arren, tarteka korapilatu ere egiten dira. Pixka bat gehiago. To bigarren kolpea, ikaslearena: Eta, Irati, joan ondoren nola jakiten dugu nora itzuli? Ez dakit musean bi hordago jarraian bota ote daitezkeen. Bi aldiz eusterik dagoen ere ez dakit. Bihar hitz egingo dugu lasaiago antzu batekin erantzun nion, sorbalda gainean pare bat kolpetxo emanda. Kontua da, bihar hori gaur dela eta gau osoa esna pasa dudala, loak norabait eramango banindu, gero nora (eta) itzuli asmatuko ote nukeen neure buruari galdetuz.

             Eta esna pasatako gau bat da batez ere luzea. Oso luzea. Ohean esna pasatako zortzi ordu izan daitezke zortzi ordu eta hogeita hamalau minutu edo hamabi ordu eta berrogeita hemeretzi minutu. Ohean esna pasatako zortzi ordu dira eternitate bat. Lo egiten dugunean, nora joaten garen ez dut asmatu, itzulerako bidea nola asmatzen dugun ere ez, baina, ondorio garbi bat atera dut. Ikasle eta irakasleok modu berean kezkatzen gaituzten bizitzaren alderdi asko badirela. Eta kezka eta hausnarketa eta galdera horiek kanporatzen ditugunean, ikasleak ikasle eta irakasleak irakasle izateari uzten diola. Hau da, ia beti. Tarteka bada ere, irakasleok ikasleen ikasle izaten ikasi beharko genukeela, alegia.

            Gaur berriro emango dizkiot pare bat kolpetxo ikasleari sorbalda gainean. Eta begietara begiratuko diot. Uler dezan erantzuna nigan ez baina, bion arteko zubian dagoela.  Ez ote gaitu errekak irristan eramango. 


2012-05-29

Harrizko oinaztuek beldurra argitzen dute


HITZA: OINAZTU  

Zerua ebaki (hautsi, puskatu, zartatu, zulatu, moztu, txikitu) ahalko balitz; zeruak su (min, lo) hartuko balu; zerua haserretu (kezkatu, isildu, makurtu) egingo balitzaigu;  orduan zer? Orduan zer egingo genuke esku artera eroritako argi guztiarekin?

Zerua elektrizitate baino ez dela esan zuen gezurtiren batek eta ordutik egiaren bila dabiltza ekaitzaldiak, trumoi arteko oinaztu bakoitzari muxu garrasiz beteak itsatsiz.

Beldurra ematen du; eta zer? Zerua ez da itsaso lehortu bat besterik. Hori ez dakit nork esan zuen.




AFORISMOA: "Harrizko bi bihotz elkar igurtziz sua egiten"

Bazen behin bizilagunarekin maitemindu zen (bizilagun bat?). Harriak sartu zizkion atepetik etxera. Abisurik eman gabe, kolpeka.

Harriekin zer egin jakin ez eta aspaldian itzali zitzaion sua berpizten saiatu zen. Konturatu ere ez zen egin, sugarrek bihotza erre ziotela. Suhiltzaileak bizi dira orain bizilagunaren ondoan, maiteminez.       



HAIKUA

Beldurrarekin
albondiga pilotak
egiten ditut 


 

2012-05-16

ARMAIRUA



          Lagun batek kontatu zidan behin. Gauean begiak itxi eta iluntasunarekin topo egiteak beldurra ematen ziola eta armairuan sartu zela begiak zabalik iluntasuna nolakoa zen ikusteko. Handia esan zidan, iluntasuna oso handia da Irati, handia eta leuna. Ia-ia ez da begietan kabitzen eta irrist egiten du. Armairuan lo egiten ikasi zuen lagunak; begiak zabalik egiten du lo ordutik. Ikustekoak dira haren begizuloak. Armairu baten barnean begiak zabalik lo egiten dutenen begizuloak ezberdinak dira. Begizuloen zuloa ikusi egiten zaie armairu barruan lo egiten dutenei.

            Atzo armairuan sartu nintzen (ze demontre! Zer ginateke jakin-minik gabe!); eta egia da, begiak itxita edo begiak zabalik ikusten dugun iluntasuna oso ezberdina da. Ordularirik gabe sartu nintzen eta bost minutu zenbatu nituenean, atera egin nintzen. Hogei minutu pasatu nituen armairuaren barruan. Denbora ere handia eta leuna da, beraz, armairu barruetan. Denbora ere ez da eskuetan kabitzen eta irrist egiten du.

            Behin armairutik atera eta burutapen hauei tiraka ari nintzela, armairu barruan irrist egiten duen iluntasuna eta armairu barruan irrist egiten duen denbora non pilatzen diren hasi nintzen ikertzen. Imajina dezakezue gertatu zitzaidana, armairua hankaz gora jarri eta gau osoa pasa dut iluntasuna eta denbora zaku eta poltsa zaharretan sartzen. Urtetan eta urtetan pilatutako arropa ateratzen aritu naizela, alegia. Motz eta estu gelditutako galtzak, zilborrera ere iristen ez zaizkidan kamisetak, halako egun batean tarrakataka ipurtaldea zulatu nion gona, umetan mozorrotzeko erabilitako pailazo prakak eta txiki gelditutako kuleroak (titiak ez bezala, nola hazten den ipurdia!) eta besamotz bihurtutako jertseak eta gerrian behera sartzen ez zaizkidan soinekoak...

            Orain artean zergatik gorde ditudan… auskalo! Irristan eroritako iluntasuna eta denbora majo pilatu dute behintzat! Iraganak ere biluzik ibiltzeko lotsa izaten du, nonbait!

            Gaur gauean berriro sartuko naiz armairuan, iluntasuna desagertzeko zenbat iluntasun hustu behar den jakin nahi dut. Orain, ordea, nahiko lan badut aurpegiera txukuntzen, goizak begizuloekin harrapatu bainau, begietako zuloekin. 

2012-05-15

ITAKA (Josu Penades_2012-5-12)


Esperimentu guztiak ez dira galdera ikur. Ia denek harridura islatzen dute, ordea. Esperimentu guztiek zortzi beso izaten dituzte eta olagarro izan gabe ikasten dute igerian. Bizitza ere zortzi pausoko bidezidorra da, baina, olagarroek ez dute zerikusirik izaten bidezidorrekin, bidezidorrek ere igeri egiten ikasi zuten arren noizbait. 

Esperimentuak bidezidor dira. Demagun ur-ontzi bat, erdi hutsik, erdi gainezka, eta demagun ileak daudela uretan. Demagun bidezidor baten marrazkia, sigi-saga ile artean. Esperimentuaren helburua ur-ontzia burusoil bihurtzea da, uretara eroritako ileen dantzaleku. Sugeak azaltzen direnean, bukatzen da esperimentua. Garrasiren bat entzungo da; horretarako izaten ditugu bidezidorrak gertuan, garrasiek zortzi aukera izan ditzaten ile, suge edo ur-ontzi bihurtzeko. Esperimentua bukatzen denean, laborategia isilik gelditzen da. Bakarrik. Bakarrik edo. Orduan hasten da suge festa. 




 



 Josu Penades -> dezimetro bat, zentimetro bat edo milimetro bat. Ikasleengandik oso gertu dagoen irakaslea. Halako egun batean Bermeotik Iruñeara bidea egin zuena. Iruñea da orain kontakizun bihurtu duena. 2006an etxeko ateak zabaldu zizkigun. 2009an bi jantzi beltz oparitu. Josuk iluntzero berarekin elkartzeko aukera ematen digu eta ikasi du zain egoten, hurrengo itsasgoren zain egoten. Orain begira jarri gaitu, uretara erortzen diren ileei begira. Josuk irakatsi egiten du, Josuk idatzi egiten du. Josuk batez ere, ikasi egiten du. 

Besapean Ileak uretan (Alberdania) eleberri argitaratu berria hartuta hurbildu zitzaigun Itakara.


Patxi Ezkiagak Itakako ateak zabaldu zizkigun beste behin poesiari putz eginez, Ezkaratzean zain, onddo biltzen, Joxe Mari Gabiria izan genuen, Beñat Villanueva eta Koldo Pla Josuren ondoan izan genituen eta Joxe Goikoetxearekin hitz berri bat poltsikoratu genuen: buisia


Azken kantua... Baratzeko pikua abesti zoragarriarekin alaitu genuen. 


Irratsaioa entzun eta jaso nahi izanez gero... egin koxk!

2012-05-14

Muskerra pentsatzen... kiloez

Muskerra Biasterira bidean

HITZA: MUSKER


Izan daiteke isiltasun mugiezin bat. Pauso hilotz bat. Mugimendu lokartua, zulo bat lurmugan, izerdi tanta izoztua. 

Izan daiteke Picassoren paleta eroria, sagar bat ihesean, txiste sexual amaitu gabea, haritz baten eta pago baten seme edo alaba jaio berria. 

Izan daiteke edozer. Baina, izan behar du berdea, eta geldi egoten dakiena. Eta izan behar du elegantea. Batez ere, elegantea izan behar du. Eguzkitan egoten dakiena.



AFORISMOA: "Pentsatzen dakienak pentsatzen eta pentsatu gabe egoten daki. Pentsatzen ez dakiena zer pentsatuko bizi da."

Bazen behin edalontziak pentsamenduz betetzen zituen (bizilagun bat?). Egarri ez zenetan hustutzen zituen edalontziak eta egarri zenetan betetzen. Begiradarekin betetzen dira edalontziak pentsamenduz. Begirada zenbat eta gehiago ito orduan eta gehiago bustitzen da edalontzia. Hustutzeak beste misterio batzuk ditu. 

Edalontzia hustutzeko  ez begiratzen, ez pentsatzen eta ez egarritzen ikasi behar da. 



HAIKUA

Hiztegiko hitz
lodienari dieta
jarri diote

 

2012-05-11

AMONARI


Apirilaren 29an kantu-kontari aritu ginen. Amona Prudentxire laurogeita hamargarren urtemuga ospatu genuen. Hauxe denon partez egin genion oparia:

Ekaitz eta Irati amonari kantari_2012-4-29

Amona Pruden merezi duzu
txaloa ta zalaparta,
ama langile, paregabea,
eta amona aparta, 
nahiz ta kantuan aritu Peio
ta aitonaren matraka,
gozatu oparia guztion
partetik egina da ta.

Irria jolas bihurtzen duzu,
begiak dituzu azti,
muxu eskean masaila goxo
luzatzen diguzu ezti,
maitasun hitzez bihotz taupadak
nahi genizkizuke busti,
aurrerantzean ere bizitzak
kulunka zaitzan amesti.


Amona maite sorgin jolasti,
ispilu eta ongia,
seme-alaben izar uxoa,
bilobon suitzar mendia,
goxatzen duzu zure etxea,
goxatzen zure sendia,
Etxe Txikititik nola irten zen
hain emakume handia.

Hara Samiño, hara Oleta,
eder aurpegiz aurpegi,
zatoz amona, eman eskua
ta eguzkitan eseri,
badaukazu nork maitatua ta
ez beldur izan ezeri,
orduak eta bizitza hustuz,
urteak betetzen segi.

2012-05-10

EMOZIONATU



Emozionatzea ez da hunkitzearen pareko. EmOziOnatu aho harriduraz (eta sentimenduz) zabalduarekin egiten da. Hunkitu, ezpain estuak hunkitzen dira. Emozioak bihotza bete egiten du. Borobila da emozioa, bi besoen artean estutu daitezkeen gerri-sorbaldak bezain borobila. Emozionatu argazki makinaren aurrean eta atzean egin zaitezke. Emozioa Patxi Ezkiagak oparitutako liburu sorta artean kateatu daiteke edo Carlos Aurtenetxeren begirada zorrotzean. Felix Marañaren bizar zurituan ere kateatu daiteke emozioa. Emozioa argazkiko elementurik garrantzitsuena da, nabarmenen ikusten dena.

Patxi Ezkiaga, ni,  Carlos Aurtenetxe eta emozioa. Argazkilaria: Felix Maraña

Lehendik ezagutzen (sentitu, transmititu, ikasi) nuen Patxi Ezkiaga. Ostiralero bidaltzen dit olerki bat. Larunbatero goizeko hamarretan ostiraletan bidaltzen didan olerkia irakurtzen du Ekaitzek irratian. Momentu berezia izaten da. Emozionantea. Baina, pasa den ostiralean ezagutu (ukitu, muxuak eman, begiratu) nuen Patxi Ezkiaga lehenengo aldiz. Legorretako Patxi Ezkiaga Kultur Etxean. Felix Marañak eman dit horretarako aukera, Patxi Ezkiaga ezagutzeko (ukitu, muxuak eman, begiratu) aukera. Oteiza profetaren 14 hitz (Bermingham argitaletxea). Olerki liburu bikaina aurkeztu zuen ostiralean Patxik Legorreta jaioterrian. Eta Felixen aginduetara (bai, Felixek aginduak ematen ditu, Felixek emozionatzeko agintzen digu) liburuaren aurkezpenean hitz xume batzuk esateko aukera izan nuen. Gaueko ilunkaran egindako marrazkiez, autobusean irakurritako elkarrizketez, urrutiko hamalau intxaurrez, zerura begiratzeaz eta muxarren karraska hotsez, 1984az, Txomin Agirreren Garoaz ... aritu nintzen hizketan. Hutsaz eta beteaz. Emozionatuta. 

Irteeran argazkia atera genuen. Bai, horixe! Hori ere Felixen agindupean. Felixek agindu edo ez, horrelako egunak ez genituzke sekula ahaztu behar. Memoria handiko gailua da emozioa. Emozioa elefante handi bat da.

2012-05-09

ITAKA (Aitziber Garmendia_2012-4-28)



Aurpegi baten sekretu guztiak argiak saltasen ditu. Argiak eta iluntasun biluziak. Ahotsa amildegi bat da denborak eskenatokian behera salto egiten duenean. Hasi da antzerkia. Bizkarrak baino ez dira ikusten, baina, hasi da antzerkia. Aktoresak armiarma dirudi,  ikusi eta entzuten ez duten ikus-entzuleen bizkarretako hotzikaretan  kateatuta dagoen armiarma. Ikusi eta entzun aurretik sentitzen ikasi behar da, hori esan zion armiarmak behin eskenatokian behera salto egin zuen armiarmari.

Gortinak zabaltzen direnean, aurpegiak azaltzen dira, aurpegiak bizkarren aurrean eta bizkarrak aurpegien atzean. Bizkarrek aurpegiak ikusten dituztenean, orduan jo behar da txalo; orduan, indartsu jo behar da txalo, batez ere hotzikarak txalo artean harrapatzeko. Hori da antzerkia: sentitzea. Aurpegi baten sekretu guztiak salatu beharrik gabe,  sentitzea; argi-ilunetan. 




 


Aitziber Garmendia ->  aurpegiaren sekretuak ikuslearen argitan jartzen dituen aktoresa. Irribarreari zorion arrastoak zintzilikatzen dizkiona. Azken aste-hilabeteetan bi antzezlan aurkeztuz dabil herriz herri, telebistan ere ikusten dugu tarteka eta pantaila handitik ere egiten digu kuku. Zaldibiko txikie pentsatuko du bakarren batek. Bere zorion aurpegia ikusi besterik ez dago Zaldibiko haundie dela konturatzeko. Bisitan etorri zitzaigun Itakara… apirilaren 28an. 

2012-05-07

Haltzak badu beldurrik



HITZA: HALTZ

Imajinatu zeure burua errekan behera irristan. 

Imajinatu errekaren erdian zu itsaso, zu olatu, zu apar, zu urpekari, zu uhera, zu uholde. Imajinatu zeure buruak zaramatzala korronte zirriborratuetan lotuta. Eta imajinatu haltza eskua luzatuta ur ertzean. Haltza tente, haltza zut, haltza gertu, haltza maitekor. Imajinatu haltzak bihotzik izan dezakeela eta Iñaki Mendiguren irakurtzen duzuela, biok (haltzak eta zeure burua imajinatzen ari zaren horrek, zuk) itzalpean. 

Imajinatu zeure burua bihotzean behera irristan.


 
AFORISMOA: ... eta krisia guraizeekin ebaki ahalko balitz?

Bazen behin guraizeekin haizea ebakitzen zuen (bizilagun bat?). Haizea ezin eta guraizeak ebaki zitzaizkion behin.

Ordutik haizeak zulatutako galtzekin ibiltzen da. Ematen duen pauso bakoitzean kaleko zuloak irentsi eta kaleko zuloak itsasten zaizkio. 

Gaur eserita ikusi dut, erdi erorian; haizeak gerria ebaki diola iruditu zait.



HAIKUA: 

"Beldurrarekin
kristal zati hautsiak
itsats daitezke"

2012-05-03

Prudentxi eta Irati. Zimurrak zenbatzen.







Amonak laurogeita hamar urte bete ditu orain gutxi. Kasualitatea izango da, baina, zorion egunean bertan aurpegiko zimurrak zenbatzen aritu nintzaion, eta laurogeita hamar zenbatu nizkion. Laurogeita hamar zimur. Gero Interneten begira aritu nintzen, zimur batek zimur itxura hartzen zenbat denbora behar duen jakin nahi nuen, baina, Interneten ez da halakorik azaltzen. Internetek asko daki, baina, laurogeita hamar urteko amonen aurpegietan azaltzen diren zimurrez ezer gutxi. Ez dakit zimurrak sortu, azaldu edo jaio egiten diren. Desegin, desagertu edo hiltzen ote diren ere ez dakit. Dantzarik egiten ez duten zimurrak hilda daudela pentsatu izan dut beti. Bizirik dauden aurpegietan hildako zimurrek nola bizirauten duten ulertzea, ordea, ia ezinezkoa iruditzen zait. Baina, aitona-amonen aurpegi zahartuetan ez dago ezinezkorik. Zahartzaroak dena egiten du posible, batez ere, hil aurreko urte amaigabeetan. Hil aurreko urteak ez dira sekula amaitzen, hil aurreko urteak eten edo lotu edo pilatu edo itsatsi edo birziklatu egiten dira. Baina, ez dira amaitzen.



Amonak laurogeita hamar urte bete ditu orain gutxi. Kasualitatea izango da, baina, zorion egunean bertan aurpegiko zimurrak zenbatzen aritu nintzaion, eta laurogeita hamar zenbat nizkion. Laurogeita hamar zimur. “Laurogeita hamar, amona” esan nion. Eta berak “banekinan” erantzun zidan. Eta atzera ea nola zekien galdetu nionean ez zidan ba “hik hogeita zazpi dittun eta, hogeita zazpi zimur” esanez erantzun. “Hogeita zortzigarrena ere ari zain poliki-poliki arrimatzen”. Zimurrak arrimatu egiten dira, beraz, amonarentzako, dantzarako arrimatzen diren bikoteen gisa. Lau egun daramatzat ispiluaren aurrean zimurrak zenbatzen, eta egia da, hogeita zazpi zimur zenbatu dizkiot neure aurpegiari. Hogeita zortzigarrena, nondik arrimatzen ari zaidan, ordea, ezin asmaturik nabil. Lepoa luzatu dut , belarriak tentetu ditut, begirada txikitu zait, baina, arrastorik ez. Hogeita zazpi zimur, eta ni orain artean konturatu gabe. Interneten begira aritu naiz berriro ere, zimurrak nondik arrimatzen diren galdetu diot behin eta bi aldiz bilatzaileari, baina, erantzunik ez dit eskura jarri. Internetek asko daki, baina, hogeita zazpi urteko neskato gazteen aurpegietan azaltzen diren zimurrez ezer gutxi. Amonari galdetu diot. Internetek ez dakizkienak amonek dakitelako. Amonari galdetu diot. “Zimurrak ispilutik arrimatzen ditun, Irati” erantzun dit, “ispilutik”. “Ekarri hitzan batzuk, neuk gordeko dizkinat eta”. Eta muxu handi bat eman diot, zimur sorta batekin batera. Eta zoriondu egin dut, astebetean bigarren aldiz.