2011-01-03

2011


Bitxia da (edo ez), baina, zerbait idati behar dudala eta hiru egun daramatzat urte berriari zer idatzi asmatu ezinda. Urte zaharrari agur esateko ahaleginari irrist egin nion, eta ez dakit... urte berriari kaixo esateak halako erreparo moduko bat ematen dit, ez baitakit nori edo zeri zuzendu behar diodan begirada. Urte berriari eskatzen diot eta ea urte berriak ekartzen didan eta urte berria eskuzabala izan dadila eta... Neure buruari galdetzen diot ea gizonezkoa edo emakumezkoa ote den ditxosozko urte berri hori. Olentzeroren arreba edo hiru erregeen laugarren majia jokoa. Gabonetako argi bat gehiago edo txanpain botilaren azken aparraldia. Neure buruari galdetzen diot ea nori eskatzen ote diogun geure desioak betetzeko, sukaldeko horman zintzilikatutako egutegiari edo gehiago nahi ez, eta armairuan bakardadearen gozotasunean ahaztuta urte osoa egingo duen turroi tabletari. Eta nik eskatzen diot... eta niri ekar diezadala... eta... ni zorabiatu egiten naiz halako kontuekin, zoriona ikusezin bihurtzen dugulako, guregana etortzen asmatu behar duen "zerbaiten" pareko. Eta badaezpada ere, gureganainoko bidea asmatuko ez balu, badaezpada ere, mahats aleak irensten ditugu zoriona irensten ari garela sinetsita.

Nik, ordea, ez dut zain egoteko inongo asmorik. Mahats alerik ez nuen jan eta telebistarekin toparik ere ez nuen egin. Ibiltzea dagokit beraz, bila aritzea, zorionarekin ezkutaketetan jolastea eta eskatzen hasita... bertsoak eskatzea.

Bertso bat eskatu diot Ekaitzi. Urteroko kontua. Badakit, egin behar duenarentzat amorragarria izaten da, baina... beti lortzen du ideia politen bat sortzea. Horregatik eskatzen diot.

Urte berri... beno berdin du... zorionak harrapa zaitzatela!

Ni ere eskean hasiko naiz ba
barne-nahiak hala nahita,
bakea eta elkarbizitza
zorionari jarraika,
ongizatea erdiesteko
ezinbestekoa baita,
nork maitatua, nor maita,
besarkada bat anai-arrebak
muxu bat ama ta aita,
oparo etor dakizuela
bi mila eta hamaika.

2 comentarios:

  1. Ba nik bai, nik jan nituen mahats aleak (berandu baina, turroi artean frutaren arrastorik uztea ez dago gaizki). Olentzeroren arrebari edo laugarren erregeari, edo urte berriarekin datorren beste edonori argi daukat zer eskatu nahi diodan nik. Aurrekoa amaitu zen bezala igaro nahi dut tarteren bat urte berri honetan, telefonoa eskuan eta irribarrea sortuko didan hitza belarrian, eta idazteko irrika oparitzen didaten horiek ere telefonoa masailan itsasita dutela jakinda.

    Urte berri on, Irati.

    Ekaitz, gustatu zait bertsoa (kafe aparretan edo asteazkeneko astearte iheslarian bilatu zenuen? Amaren kartera, badaezpada, utzi lasai, ezusteren bat emango digun-edo). Urte berri on.

    Ez utzi arratsaldero burua haustera behartzeari, hitz artean esateko zerbait bilatzea derrigorrezko bilakatzeari, mesedez.

    ResponderEliminar
  2. Eskaera polita, Leire! Nik ere neurri berean eskatzen diot, telefonoa eskuan (egunen batean aurrez aurre) masailetan behera malkoak sorraraziz, jolasean jarduteko uneak sortzea. Beno, idatziari lotuta, eskatu ez diot inori eskatzen; neure buruari eta zuri. Norbera baita bere ilusioak eta nahiak sortu eta sortzeko lan egin behar duena. Beraz, oso egingarria eskatzen ari garena, ezta?

    Urte berri... beno, berdin du. Zoriona harrapa dezazula! ;-) Zoriona harrapatzen jarrai dezazula!

    ResponderEliminar